Mailen Helburuak - Zubiarte Euskaltegia - Ikasnova
Mailen Helburuak - Zubiarte Euskaltegia
Mailen Helburuak
Maila egiaztatzeko prozedura. Ikasturte hasierako oharra
Maila egiaztatzeko prozedura. Ikasturte hasierako oharra
Ikasturtearen lehendabiziko bi asteetan ikasleen maila behatzen dugu. Baliteke ikasle bat maila desegokian egotea eta, kasu horretan, irakasleak esango dio dagokion mailara pasatzeko.
A1 mailaren helburuak
A1 mailaren helburuak
Entzumena:
Eguneroko harremanetan, gai izango da ahozko testu laburren gaia eta komunikazio-asmoa identifikatzeko, aurrez aurreko elkarrizketetan hitzak eta esapideak ulertzeko nahiz edukiari buruzko hipotesiak egiteko, baldin eta solaskideak argi eta oso mantso hitz egiten badio erregistro estandarrean. Era berean, berehalako premiei lotutako galderak, argibideak eta oharrak ulertuko ditu, betiere etenaldi, keinu eta irudiz laguntzen badira.
Mintzamena:
Aurrez aurreko elkarreraginean gai izango da eguneroko bere oinarrizko behar komunikatiboei erantzuteko, parte-hartze laburrak, baina egokiak eta ulergarriak egiteko. Horretarako, hitzak eta oinarrizko esapideak baliatuko ditu, baita etenak, keinuak eta birformulazioak ere.
Irakurmena:
Gai izango da eguneroko harremanetan sarri erabiltzen diren testu laburretako gaia eta komunikazio-asmoa identifikatzeko, hitz eta esapide sinpleak ulertzeko eta aurreikus daitekeen informazio zehatza antzemateko; horretarako, testuen (mezu labur, ohar sinple, zerrenda eta kartelen) testuingurua eta irudiak baliatuko ditu.
Idazmena:
Gai izango da mezu eta testu laburrak idazteko (zerrendak, inprimakiak, ohar laburrak, postalak), testuingurura egokituz eta ereduak oso hurbiletik jarraituz; baliabideen kontrola oso mugatua izango du.
A2 mailaren helburuak
A2 mailaren helburuak
Entzumena:
Eguneroko egoera ezagunetan, maila bereko solaskideen arteko elkarrizketak eta jarraibideak ulertzeko gai izango da, baita gai ezagunei buruzko azalpenak ulertzeko ere (familia, erosketak, bizitokia, lanbidea, eguraldia…), baldin eta informazioa zuzena, argia eta poliki ahoskatua bada.
Mintzamena:
Egoera ezagunetan, kideekin (lagun, senide eta abarrekin) elkarreraginean, gai izango da informazio-truke erraz eta arruntetan moldatzeko, gauzen eta pertsonen deskribapenak egiteko, eta ekintza eta egitarauei buruzko azalpen errazak eta iritziak emateko.
Irakurmena:
Eguneroko bizitzarekin lotutako testu labur eta errazetan gai izango da, egoera, testuinguru, formatu eta ezagutza orokorrean oinarrituz, komunikazio-asmoa, gaia, ideia nagusiak eta xehetasun adierazgarriak atzemateko. Gai izango da edukiari buruzko hipotesiak eratzeko eta aurreikus daitezkeen zehaztasunak baieztatzeko; horretarako, zenbaitetan, irudiak lagungarri izango zaizkio.
Idazmena:
Gai da eguneroko bizitzan hurbileko bizipenei lotutako testu labur eta soilak
idazteko. Badaki bere iraganaz eta bere inguruneaz narrazio eta deskribapen errazak egiten, eta bere berehalako beharrak labur adierazten.
B1 mailaren helburuak
B1 mailaren helburuak
Entzumena:
Testuinguru ezagunetan (eskola, aisia, lana…) eta erregistro estandarrean egindako gertaeren kontaketak, azalpenak, deskribapenak, instrukzioak eta elkarrizketak ulertzeko gai izango da, gaiak orokorrak direnean eta xedea informazioa trukatzea denean. Horrez gain, komunikazio-asmoa atzemango du, ideia nagusiak jasoko ditu eta zenbait testuingurutan baita ñabardurak ere (zaratarik eza, abiadura normala, ahoskera garbia, erredundantzia, ikusizko lagungarriak…), betiere azalpenen bat izateko aukera badu.
Mintzamena:
Maila bereko solaskideekin elkarrizketak izateko gai da, betiere egoera ezaguna eta gai orokorra eta arrunta denean, xedea izanik gai konkretu edota abstraktuei buruz informazioa trukatzea. Era berean, gai da instrukzioak emateko, pertsonak eta objektuak labur deskribatzeko, gertaeren eta bizipenen kontaketa laburrak egiteko eta bere iritzia labur baina eraginkor adierazteko.
Irakurmena:
Ongi egituratutako testu argietan (kronikak, artikulu laburrak, deskribapenak eta argibideak), gai izango da komunikazio-asmoa, gaia, ideia nagusiak, xehetasun adierazgarrienak, diskurtsoaren haria eta ondorioak atzemateko eta ulertzeko, betiere gaiak orokorrak eta ohikoak badira.
Idazmena:
Eguneroko testuinguru ezagunetan esperientziak deskribatzeko, gertaerak kontatzeko eta azalpenak emateko gai izango da, baldin eta gaia orokorra eta arrunta bada.
B2 mailaren helburuak
B2 mailaren helburuak
Entzumena:
Aurrez aurre nahiz komunikabideetan, hizkera estandarrean egindako elkarrizketak, azalpenak eta abar ulertzeko gai izango da, batez ere gizarte-harremanen esparrukoak badira. Halaber, gai konplexuetako ideia nagusiak ulertuko ditu, baina zailtasuna izan dezake egitura konplexuekin eta hizkuntzaren esamolde jatorrak erabiltzen direnean.
Mintzamena:
Lagunarteko elkarreragin arruntean jariotasunez aritzeko gai izango da, besteak jakinaren gainean jarriz, iritzia eskatuz, bere ikuspegia defendatuz eta abar. Eraginkortasunez komunikatuko da, eta ohiko gai eta egoera ezagunetan adierazpen argiak egingo ditu. Bere lan-esparruko hainbat gairi buruzko deskribapenak eta azalpenak ere emango ditu, alderdi esanguratsuak eta xehetasunak bereiziz.
Irakurmena:
Ohiko harremanen esparruan testu gehienak ulertzeko gai izango da, eta ideia nagusiak eta bigarren mailakoak bereiziko ditu. Hiztegi zabala izango du, eta xehetasun asko ulertuko ditu, zailtasuna izan badezake ere hainbat esamolde eta ñabardurarekin. Igorlearen sentimendu eta jarrerak atzemateko gai izango da.
Idazmena:
Bere arloko gaiei buruzko testu argi eta ongi egituratuak idazteko gai izango da, baita hainbat iturritako informazioa erabiltzeko eta bere iritzia emateko ere, aldeko eta kontrako argudioak argi adieraziz.
C1 mailaren helburuak
C1 mailaren helburuak
Entzumena:
Lagunarteko, lan-esparruko eta komunikabideetako elkarrizketak, eztabaidak, azalpenak eta abar ulertzeko gai izango da, baita inguruko herri-hizkeran sortutako asko ere. Informazio orokorra eta xehea jasoko du, gai espezializatuetan izan ezik.
Mintzamena:
Lagunarteko elkarreraginean jariotasunez eta zehatz jarduteko gai izango da, eta, era berean, lan-esparruan eta komunikabideetan ideiak eta iritziak zehaztasunez eta eraginkortasunez adierazteko.
Irakurmena:
Testu luze eta konplexuak ulertzeko gai izango da, baldin eta gai orokorrekoak badira. Halaber, artikulu espezializatu eta argibide tekniko luzeak ulertuko ditu, baina bere arlokoak ez badira, lexikoa traba izan daiteke zenbaitetan. Gertaeretan oinarritutako testuak edo literatur testu arruntak ere ulertuko ditu, eta erregistro ezberdinak bereizteko gai izango da.
Idazmena:
Ongi egituratutako testu argi eta zehatzak idazteko gai izango da, ideia nagusiak eta osagarriak nabarmenduz. Era berean, bere ikuspuntua luze eta zabal adierazteko gai izango da, xehetasunak eta adibide egokiak emanez.